ISO 5060:2024

Itzulpen emaitzen ebaluazioa

ISO 5060:2024 arauak itzulpen emaitzak ebaluatzeko esparru integrala eskaintzen du, bai giza itzultzaileek sortutakoentzako eta bai itzultzaile automatikoek sortutakoentzako ere, berrikusiak izan diren edo ez kontuan izan gabe. Globalizazioa eta itzulpen zerbitzuen eskaria modu esponentzialean hazten diren testuinguru batean, arauak ikuspegi bateratu bat ezarri nahi du, itzulpenen kalitatea eta koherentzia bermatzeko. Itzulpen zerbitzuen hornitzaileei (IZH) zein beren bezeroei balioa ematen die.

Zer hartzen du barne ISO 5060:2024 arauak?

Itzulpen zerbitzuen hornitzaileentzat pentsatutako araua da, hots, itzultzaile autonomoentzat, itzulpen agentzientzat edo barne itzultzaileen departamentuentzat. Itzulpenen kalitatezko ebaluazioak behar dituzten bezeroei eta itzultzaileak prestatzen dituzten hezkuntza erakundeei ere bideratuta dago. Nahiz eta arauak itzulpenaren kalitatea bermatzeko prozesuak edo ekintza zuzentzaileak bezalako alderdiak jorratzen ez dituen, itzulpen baten azken emaitza ebaluatzeko jarraibide argiak ematen ditu.

Itzulpenak ebaluatzeko, ISO 5060:2024 arauak ikuspegi analitikoa erabiltzen du, hau da, itzulitako edukia xehe-xehe aztertzen da akats espezifikoen bila. Akats horiek motaren arabera sailkatzen dira, eta larritasunean oinarritutako pisu edo garrantzi maila bat esleitzen zaie, amaieran analisiaren puntuazioa lortzeko. Arauaren sistema ikuspegi holistikotik urruntzen da, azken hori itzulpenaren inpresio orokorrean ardazten baita, akatsen analisi zehatza egin gabe.

Arauak zazpi kategoria nagusitan antolatutako akats tipologia definitzen du:

  1. Terminologia: terminoen aldakortasuna edo terminologiaren erabilera okerra.
  2. Doitasuna: itzulpen okerra, informazio ezabapena edo eransketa, eta abar.
  3. Konbentzio linguistikoak: akats gramatikalak, ortografikoak edo puntuaziokoak.
  4. Estiloa: inkoherentziak estiloan edo erregistroan.
  5. Tokiko konbentzioak: datak, zenbakiak, monetak eta abar tokian tokiko formatuetara moldatzerakoan egindako akatsak.
  6. Hartzailearentzako egokitzapena: erreferentzia kultural espezifikoekin lotutako akatsak.
  7. Diseinua eta markaketa: formatuan, maketazioan edo hiperesteketan egindako akatsak.

Aurkitutako akats bakoitza bere larritasunaren arabera sailkatzen da: akats arinak, larriak edo kritikoak izan daitezke. Akats kritikoa itzulpenaren erabilera egokia galarazten duena da, ondorio larriak izan ahal dituelako, hala nola finantza-galerak edo bezeroaren izen onari egindako kalteak.

Ebaluazio prozesua zehatza eta objektiboa dela bermatzeko, ISO 5060:2024 arauak ebaluatzaileek izan behar dituzten gaitasunak eta prestakuntzak ere zehazten ditu. Hasteko, eskarmentua eta formakuntza izan behar dute itzulpenean, berrikuspenean eta ebaluazioan. Bigarrenik, gaitasun teknikoak eta kulturalak izan behar dituzte, eduki linguistikoa ez ezik, itzulpena izango duen testuingurua ere ulertzeko.

Arauak gomendatzen du ebaluatzaileak gutxienez itzulpengintzan edo hurbileko arloetan lizentziatuta egotea, edo itzulpena eta berrikusketaren arloan frogatutako baliokideko eskarmentua izatea. Gaitasun horiek bermatzen dute ebaluatzailea gai izatea akatsak aurkitzeko, zuzenki sailkatzeko eta itzultzaile edo zerbitzu hornitzaileei iruzkin konstruktiboak egiteko.

Ebaluazio prozesua hiru fasetan banatzen da: aurrebaluazioa, ebaluazioa eta postebaluazioa. Aurrebaluazio fasean, itzulpen proiektuaren zehaztapenak definitzen dira. Adibidez, eduki mota, ebaluazioaren helburua eta eskuragai dauden baliabideak. Eduki osoa edo lagin adierazgarri bat bakarrik ebaluatuko den ere erabakitzen da.

Jarraian, ebaluazio fasean, ebaluatzaileak itzulpenaren ebaluazio orria erabiltzen du. Bertan, aurkitutako akatsen mota, larritasuna eta itzulpenaren kalitate orokorrean duten eragina erregistratzen dira. Lortutako puntuazioaren arabera, itzulpena “egokia” edo “ez egokia” bezala sailka daiteke. Gainera, akats kritikoak aurkitzen badira, zuzenean erabakiko da itzulpena ez dela egokia, amaierako puntuazioa kontuan hartu gabe.

Amaitzeko, postebaluazio fasean, ebaluatzaileak itzulpenaren kalitateari buruzko iruzkin zehatzak egingo ditu. Zerbitzu hornitzailea ebaluazioarekin ados baldin ez badago, eztabaidak ebazteko prozesua has daiteke. Berrelikadura honek itzultzailearen lana hobetzeko eta etorkizuneko itzulpen prozesuak optimizatzeko balio du.

ISO 5060:2024 arauaren alderdi nabarmenetako bat malgutasuna da. Arauaren erabiltzaileek ebaluazioaren espezifikazioak eduki motaren, sektorearen eta hartzailearen arabera egokitu ditzakete. Itzulpen teknikoetan, esaterako, terminologia akatsak larriagoak izan daitezke, eta itzulpen literarioan edo marketingean, ordea, estilo akatsak eragin handiagoa izan dezakete.

Bestalde, arauak onartzen du itzulitako eduki osoa edo lagin bat bakarrik ebaluatzea; erabakia itzulpen zerbitzuen hornitzaileen esku uzten du. Malgutasun hori denbora eta aurrekontu baliabide mugatuak daudenean izan daiteke baliagarri. Kontuan izan behar da, ordea, laginen ebaluazioa agian ez dituela itzulpen osoan dauden akats guztiak aurkituko.

ISO 5060:2024 arauak itzulpenaren kohesioari eta koherentziari ere heltzen die. Bi elementu horiek funtsezkoak dira testua ulergarria izan dadin eta zentzua izan dezan. Kohesioak testuaren zati ezberdinen loturari egiten dio erreferentzia. Koherentzia, ordea, mezu osoaren logikarekin lotuta dago. Kohesio eta koherentzia akatsak hautemateko zailak izan daitezkeen arren, eragin nabarmena izan dezakete itzulpenaren kalitatean.

ISO 5060:2024 arauak aurrerapauso esanguratsua da itzulpen ebaluazio prozesuen estandarizazioan. Itzulpenen kalitatea ebaluatzeko. Akatsak detektatzeko eta itzulpenen kalitatea ebaluatzeko irizpide argi eta zehatzak ezartzen dituenez, arauak zerbitzuaren kalitatea hobetzen laguntzen du, eta itzulpenek bezeroen espektatibak zein eskakizun legal eta teknikoak betetzen dituztela bermatzen ere laguntzen du. Itzulpen enpresentzat eta bezeroentzat, ISO 5060:2024 araua funtsezko tresna da: gero eta globalizatuago dagoen mundu batean, itzulpenen kalitatea eta fidagarritasuna bermatzea ahalbidetzen baitu.

Scroll to Top